ORION BIDEA

Dena Orionen hasi zen. Hasiko da. Joko bat noiz hasten den jakitea errazagoa baita noiz amaitzen den jakitea baino.

Edo alderantziz zen?

Edozelan ere, hasiera emango diogu honi. Orion Bidea deitu diogu – deitu genion, deituko diogu- puzzle ere dei genezakeen pista joko / Ginkana1 / geocaching2 / buruhausgarri kolektibo honi.

Rubiken kubo komunitario bat proposatzen dizuegu, non parte-hartzaileok kubo barruan egongo garen. Biraka. Vincenzo Nataliren film hartan bezala.

Atopiak gainezka egin du. Gainezka egin digu. Errealitateak aspaldi gainditu zuen fikzioa, eta errebantxaren ordua iritsi da.

Errealitatea arraroagotzera gatoz. Ludifikatzera. Eta horretarako gauzak zail jarriko dizkizuegu. Eta arraro. Zail eta arraro. Zairraro. Arzail. Asterik aste, hilabetez hilabete ranking bat argitaratuko dugu Orion Bidea deitu dugun oztopo lasterketa kolektibo honetako parte-hartzaileen posizioarekin.

Baina adi! Jokoak arauak ditu noski (ez litzateke joko bestela), baina ez dizkizuegu kontatuko.

Jokoaren parte da jokoaren arauak aurkitzen joatea.

Lehenengo pausua erraza da: eman izena. Sortu ezizen bat. Nom de guerre bat. Nom de jeu bat. Jokorako abatar bat, nahi bada. Hori izango zara jokoan. Hori izango zara publikoan.

Beste datuak ezkutuan egongo dira. Sariak bezala.

Zeren, hori ere ez dizugu esan ezta? Sariak daude noski, bide amaierara iristen direnentzat… Eta lehenengo iristen direnentzat.

Zorte on. Has dadila jokoa.

1. Gimnastika marxialista + hindizko khana (euskaraz bilera).

2. Bilaketa jolasa, euskaraz.